Zer da liburutegi bat?
Programa bat egiteko garaian, ez du inolako zentzurik lan guztia zerotik hastea: gu baino hobeto programatzen dutenen lana aprobetxatu eta gure beharretara moldatzea da zentzuzkoena.
Liburutegi bat, paketatutako programa zati bat da, baina berezitasun batekin: liburutegia programatu duenak ez du egin behar zehatz baterako balio duen programa bat, hainbat egoera desberdinetan erabiltzeko balio duten funtzioak egiten ditu. Programa zati hori .zip formatuan emango zaigu (hau da: konprimituta) eta paketearen barruan, exekutatuko den kodea, adibideak eta laguntza fitxategiak topatu ditzakegu.
Adibidez, UD didaktiko honetan ikasiko dugu nola maneiatu serbomotore bat (askotan servo deritzaie, hori baita ingelesez duten izena). Motore hauek posizio jakin batean jarri ditzakegu, baina horretarako iraupen jakin bateko pultso elektriko eman behar zaie eta ez da batere erraza programatzea mota horretako kontrola.
Zorionez, Arduino kode irekian oinarritutako proiektua da eta programatzaileek bere lana partekatzen dute. Aurrerago ikusiko dugun bezala Servo izeneko liburutegia zure proiektuan sartzen baduzu, erabili ahal izango duzu agindu bat esateko hainbeste gradutan biratu nahi duzula servoa. Nahikoa da lerro bakar bat idaztea programatzaile aditu batek egindako kontrol sistema erabili ahal izateko.