Saltatu nabigazioa

Nunchuck-arentzako liburutegia


Serboa osagai arrunta izanik, Arduinoren garapen ingurunean bertan topatu dugu liburutegia. Baina hain espezifikoa den osagai batentzako liburutegia aurkitzeko, tresnatik kanpo bilatu beharko dugu. Probatu zure bilatzailean hitz hauek jartzen:

"Arduino Nunchuck library"

Holako bilaketa eginik, orri asko aurkituko ditugu baina, nola jakin zein den egokiena? Galdera honi erantzuteko ulertu behar dugu software askearekin gabiltzala eta, beraz, pertsona eta talde desberdinen lana topatuko dugula sarean. Beraz, zer behar dugu? Aukeraketa hobeto egiteko irispideak. Hona hemen gutxi batzuk:

  • Liburutegia fidagarria izateko kodea eta garapen gunea erraz topatu behar dugu, hau da: ez da nahikoa .zip fitxategia topatzea; liburutegi horren garapena gardena izan behar du. Adibidez, garapena github edo antzeko gunetan egina badago, ikusi dezakegu noiz garatu eta eguneratu den eta jakin dezakegu pertsona bakar baten lana edo talde baten lana den.
  • Konfiantza ematen duen garatzaile edo erakunde batek gomendatzen badu, lasaiago erabili dezakegu. Adibidez, Luis Llamas-ek webgune potente bat du Arduinori buruz eta bertan hainbat tutorial topatuko dugu. Bertan Nunchuck-ari buruz tutorial hau dago eta konexioak nola egin azaltzeaz gain, erabilitako liburutegia eta kode adibideak topatuko ditugu.
  • Arduino webgunean badago liburutegiak partekatzeko atal bat. Liburutegia hemen egotea interesgarria da, beste erabiltzaileen iritzia kontsultatu baitezakegu foroetan.
  • Azken aldaketak noiz izan diren begiratuko dugu. Oso zaharrak diren liburutegiek arazoak eman ditzakete plaka berriekin, inorrek ez baitu testeatu liburutegi hori plaka horretan. Era berean, gure Nunchuck agintea zaharra bada eta modelo berriak atera badira, agian hobeto funtzionatuko liburutegi zahar batek, modelo horretarako garatu eta testeatu baita.

Guzti hau kontuan izanik, hiru liburutegi interesgarri topatu ditugu eta proba azkar batzuk egin ondoren Kevin Harringtonek egindako Wiichuck liburutegia aukeratu dugu. Liburutegi hau:

  • Arduino webgunean agertzen da.
  • Github-en dauka kodea.
  • Garapenak mantenua du (azken aldaketak 2017-ko azaroan eginak).

(Oharra: tutorial hau egiteko garaian azken bertsioa hau zen: Wiichuck-0.0.23.zip).