Saltatu nabigazioa

Zer da errele bat?

Errelea beste zirkuitu baten kontrolpean dagoen etengailu elektriko bat da. Erreleak era elektromagnetikoan ireki eta ixten ditu kontaktuak. Joseph Henryk asmatu zuen 1835. urtean.

Wikipedia

Errele baten barruan bi zirkuitu daude: primarioa eta sekundarioa. Zirkuitu primariotik korrontea pasatzen denean harilak eremu magnetiko bat sortuko du eta kontaktu mugikorraren posizioa aldatzen da. Zirkuitu sekundarioan hiru kontaktu izango ditugu:

  • C (edo komuna): kontaktu honetan zirkuitu sekundarioaren polo bat konektatuko dugu.
  • NC (normalki itxia):
    • zirkuitua itxia dago (korrontea pasatzen da) zirkuitu primariotik seinalerik ez dagoenean.
    • zirkuitua irekia dago (ez dago korronterik) primarioan seinalea dagoenean.
  • NO (normalki irekia):
    • zirkuitua irekia dago (ez dago korronterik) zirkuitu primariotik seinalerik ez dagoenean.
    • zirkuitua itxia dago (korrontea pasatzen da) primarioan seinalea dagoenean.

Irudian, errele baten osagaiak ikusten dira: harila, gontza, kontaktu mugikorra, kontaktu finkoak zirkuitu primarioa eta sekundarioa
Luis Llamas. ¿cómo funciona un relé? (CC BY-NC-SA)

Bi zirkuituak guztiz independenteak direnez, primarioan tentsio baxua erabili dezakegu (kontrolerako erabiltzen ditugun osagaiek behar dutena) eta sekundarioan tentsio altuagoa erabili dezakegu (egin beharreko lana egiteko behar duguna). Adibidez, Arduinok 5 V erabiltzen ditu bere sarrera eta irteeratan, baina errele baten bitartez, 220 V-etan konektatutako tresna baten konexioa kontrolatu dezakegu.

Tailerrean dugun paneletan 24 V-ko tentsioa erabiltzen dugu sentsore, elektro-balbula, sakagailu eta kontrola egiteko erabiltzen ditugun osagai guztietan. Errele egokia hautatzen badugu, motor trifasiko batek behar dituen 380 V-ak kontrolatu ditzakegu.