Saltatu nabigazioa

Ladder lengoaiaren oinarriak

Lengoaia hau grafikoa da eta kontaktuen arteko erlazioa adierazten du eskailera forma duten diagrama batzuen bitartez (horregatik deitzen da ladder ingelesez).

Hasteko, bakarrik hiru elementu erabiliko ditugu eta adibide baten bidez azalduko ditugu: labe baten kontrola.

Ladder digrama batean ikusten da. Diagramaren azalpenak azpiko testuan daude.
Joxemi Andonegi (CC BY-SA)

Diagramaren esanahia ondo ulertzeko, jakin beharko dugu zer esan nahi duten sinboloek eta nola erlazionatzen diren beraien artean.

Honako sinboloak agertzen dira:

Kontaktuak

Nahiz eta askotan kontaktu hitzez izendatu, berez, sinbolo honek beste nonbaitetik datorren seinale digital bat adierazten du (On/Off motakoa). Izan daiteke automatara iristen den seinale bat (sakagailu batetik, errele batetik, sentsore batetik...) edo automata berak sortutako barne seinale bat (beste fase batetik datorrena).

Adibidean, bi kasu desberdindu daitezke:

  • -| |- : normala edo normalki irekia deritzo (NO): seinalea iristen zaion moduan pasatzen dio ondoren datorren elementuari. Adibidean, labean piztu eta itzaltzeko sakagailuen seinaleak datozen bezala tratatuko dira (piztuta/itzalita).
  • -|/|- : ezeztatua edo normalki itxia (NC): iristen zaion seinalea alderanztuta pasatzen dio ondoren datorren elementuari. Adibidean, segurtasun etengailutik datorren seinalea alderanzten da, hau da: etengailua zapalduta badago, ez dugu piztuko labea. (Oharra: emergentzia etengailu bat erabiliko bagenu sinbolo normala erabiliko genuke, hauek normalki itxiak motakoak baitira).

Harilak

Nahiz eta askotan haril hitzez izendatu, berez, sinbolo honek beste nonbaitera doan seinale digital bat adierazten du (On/Off motakoa). Izan daiteke automatak igorritako seinale bat (elektrobalbula baten harilera, errele baten zirkuitu primarioa, ...) edo automata berak sortutako barne seinale bat (beste fase batera doana).

Kontatuak bezala, bi kasu aztertuko ditugu:

  • -( )- : normala edo normalki irekia (NO): seinalea iristen zaion moduan igortzen du. Adibidean, labeari pasako dio seinalea jaso duen bezala (piztuta/itzalita). 
  • -(/)- : ezeztatua edo normalki itxia (NC): seinalea alderanztuta igortzen du. Gure adibidean ez da halakorik agertzen.

Kontuz: igortzen duena pizteko seinalea edo agindua da, ez da pizteko behar den korronte elektrikoa. Diagrama hauetan ikusten duguna ez da eskema elektriko bat, diagrama logiko bat baizik; hain zuzen, automatak jasotzen dituen seinaleen eta igortzen dituen seinaleen arteko erlazioa definitzen duen diagrama.

Biegonkorrak (latch)

Bloke hauek egoera bat memorizatzeko balio dute. Bi sarrera dituzte: Set pizteko eta Reset itzaltzeko eta biegonkorrak hurrengo elementuari pasako dio jasotako azken seinalea, nahiz eta seinale hori desagertu. Gure adibidean, nahikoa da pizteko sakagailua ukitzea labea piztuta geratzeko. Itzaltzeko sakagailuarekin berdin gertatzen da. Behin ukituz gero, labea itzalita geratuko da.

Bi motatako biegonkor daude:

  • Set Reset motakoak (SR): seinalea iristen bazaigu Set eta Reset sarreretatik, Set seinaleari emango zaio lehentasuna, hau da: hurrengo elementuari pasako zaion seinalea piztuta izango da.
  • Reset Set motakoak (RS): seinalea iristen bazaigu Set eta Reset sarreretatik, Reset seinaleari emango zaio lehentasuna, hau da: hurrengo elementuari pasako zaion seinalea piztuta izango da.
Set Restet (SR) eta Reset Set (RS) blokeen sinboloak agertzen dira.
Joxemi Andonegi (CC BY-SA)

Seriean eta paraleloan jarritako elementuak

Behin ikusi dugula zein den elementu bakoitzaren esanahia, aztertuko dugu nola konbinatzen diren.

  • Seriean jarritako elementuak, AND moduan erlazionatzen dira, hau da denak piztuta badaude, emaitza piztea izango da, baino nahikoa da bakar bat itzalita egotea emaitza itzaltzea izateko.
  • Paraleloan jarritako elementuak, OR moduan erlazionatzen dira, hau da, denak itzalita badaude, emaitza itzaltzea izango da, baino nahikoa da bakar bat piztuta egotea emaitza piztea izateko.

Labearen adibidearen azalpena

Beraz, orain ulertu dezakegu zein den gure labearen funtzionamendua:

Pizteko bi modu daude OR moduan erlazionatuta (pizteko, nahikoa da bata edo bestea piztea):

  • Bi sakagailu, bata pizteko eta bestea itzaltzeko. Bi hauek, "Egoera" izeneko biegonkor bat maneiatzen dute eta, biak batera zapalduz gero, piztekoari ematen zaio lehentasuna.
  • Etengailu baten bitartez, labea piztu dezakegu.

Gainera segurtasun etengailu bat daukagu AND moduan erlazionatuta. Labea pizteko, aurreko baldintzak bete behar dira eta etengailu hau itzalita egin behar du.