Orain arteko eskemetan, Arduinorekin lan egiteko C++ hizkuntza erabili dugu. Programazio lengoaia honek problema mota askoei aurre egiteko egokia da eta, fluxu diagrama baten bitartez adierazi dezakegun edozein algoritmo "konplexu" gauzatu dezakegu. Zerbait "konplexua" dela diogunean, korapilatsua dela esan nahi dugu, hau da: azpibaldintza, adar kasu eta erregela kopurua altua dela.
Prozesuen automatizazioan, erronka zailei aurre egingo diegu, baina arazo hauei erantzuna emateko, konplexutasuna bilatu ordez, sinpletasuna bilatu behar dugu; hau da, ahal bada arazo konplexuak zati txikiagoetan zatitu (faseak), eta, ahal bada, fase bakoitzean gure prozesuan parte hartzen duten datu sarrera eta irteerak era sinplean erlazionatu.
Horretarako, automatentzat zuzendutako programazio lengoaiak asmatu dira eta, horien artean, ulertzeko errazena ladder edo KOP programazio lengoaia grafikoa da. Diagrama hauetan, sarreren eta irteeren arteko erlazioak sinboloen bitartez adierazten ditugu. Horrela, askoz errazagoa da fase jakin batean parte hartzen duten sentsore, errele eta elektrobalbulen arteko erlazioak definitzea.
Arduinon hizkuntza hau landu nahi badugu, plcLib liburutegia erabili dezakegu. Beraz, lanean hasi aurretik, liburutegi hau kargatu beharko dugu.